Gure eginkizuna
Gure ikastetxea hiru etapa dituen ikastetxea da: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Larraintzarren kokaturik dago, Ultzama haranean eta D eredua eskaintzen du.
Euskara ikasteaz gain beste hiru hizkuntza ikasteko aukera izaten dute; gaztelania, ingelesa eta frantsesa.
Ikastetxe publikoa den neurrian, lurraldeko gizarte osoari irekita dago. Hori dela eta, eskola honek anitza eta akonfesionaltzat hartzen du bere burua. Oinarrizko hezkuntza helburutzat, gizabanakoaren autonomia eta aniztasunarekiko begirunea hartzen ditu, elkartasuna eta tolerantzia bezalako balore demokratikoak sustatuz. Ikasle bakoitzaren garapen oro bideratzeko hezkuntza jartzen du abian. Ingurune natural eta kulturala ezagutu eta baloratzeko ahalegintzen da. Helburu hauek lortzea guztion lana da; beraz, guraso, irakasle eta ikasleen arteko komunikazioa ezinbestekoa da.
Nortzu gara
Gure ikastetxe honetara Ultzama, Odieta, Atez, Burutain, Eusa, Enderitz eta Lantzeko ikasleak etortzen dira, guztira 40 bat herritako neska-mutilak. Basaburuko ikasleak Jauntsaratsen egiten dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasketak eta Bigarren Hezkuntza egitera etortzen dira hona.
Ia hirurehun ikasle ditugu honela banaturik: Haur Hezkuntzan 80, Lehen Hezkuntzan 120 eta 80 inguru Bigarren Hezkuntzan. Hemengo ikasketak amaitzen dituztenean, Iruñera joaten dira Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egitera. Orokorrean, esan daiteke ikasle guztiek ikasketekin jarraitzen dutela.
Klaustroko kideak 30 bat irakasle dira guztira.
Ikasle guztiak garraiatuak dira eta bazkaltzen ere bertako jantokian geratzen dira. Honek beraien arteko harremana indartzeko aukera ematen du.
Orain dela urte batzuk jantokiko zerbitzuan, hainbat janari ekologiko erabiltzen hasi ziren eta gaur egun ere jarraitu egiten da.
Inguruak
Inguru honetan hainbat paraje eta toki eder daude eta horietako batzuk dira: Orgiko hariztia, Arraitzko kobazuloak, Amati basoa, Orkineko haritza, Eltso erlategia, hain ezagunak diren Lantzeko Inauteriak eta Lizason ireki berria duten Ultzamako granja eskola.
Historia pixka bat:
Ikastetxe honetara lehen ikasleak 1965an hasi ziren etortzen. Hasiera batean 6-14 urte bitarteko neska-mutilak etortzen ziren. 1982an Haur Hezkuntzako gelak sortu ziren. 86/87 ikasturtean berriz D eredua abian jarri zen eta bost ikasturte ondoren A ereduan zeuden ikasleak Atarrabiara joan ziren eta orduz gero D ereduko ikastetxea da.
eta honetaz gain…
Ikasleek beraien lanak argitaratzeko bi baliabide dituzte; bata eskolako aldizkaria, Miru, eta bestea eskolako irratia, Txutxu Mutxu.